Graffitiak, hormetan ere artea egitea posible delako

.




Tolosa. GKo galeriakoek gonbidatuta, Txileko graffiti egile batzuk ere Berazubiko paretak margotu zituzten atzo.


Tolosako Berazubiko hormak apaindu dituzte berriz; aurretik zeuden graffitiak borratu eta berriak gainean egiten aritu ziren atzo, euskaldun batzuk eta Txiletik etorritako hiru lagun.

Garikoitz Muruak adierazi bezala, «Txilekoen graffitiak orokorrean koloristak dira, baina bat batean iluntasun bat sartzen dute. Azken batean beraien errealitatea horrela aurkezten dute. Diktadura batetik datoz eta hori agerian gelditzen da nolabait». Txilen baliabide gutxiago dituzte margotzeko. Esaterako, brotxak, pintzelak ere erabiltzen dituzte, materiala hiru aldiz garestiagoa baitute han. «Gu duela 15 urte bezala daude, gutxi gorabehera. Orduan ez geneuzkan sprayak adibidez».

«Lan egiteko era oso desberdina dute ere: gu iristen gara, leku bat hartzen dugu, margotzen hasten gara... Beraiek oso sozialak dira, jendea aurretik pasatzen da eta hitz egiten hasten dira. Dinamikoak dira». Puntu hau interesgarria da Tolosan elkartu diren euskaldunentzat, «jende honekin zer nolako interakzioa lortzen dugun ikusi nahi dugu».

Txilekoak duela urte erdi bat edo, Baionara etorri ziren gonbidatu gisa eta aldi berean bertan parte hartzeko. «Angela Mejias argazkilariak gurekin jarri zituzten harremanetan, galeria bat dugula esanez. Ondorioz Dialogos urbanos Chile, España, Francia proiektua sortu zen. Elkartruke bat izan da. Helburua da zein dinamika sortzen den ikustea, artistekin zein loturak sortzen diren eta zeinek duen aukera bertara joateko. Mementoz hiru galeria lortu ditugu».

Euskal Herrian, Tolosa aitzindaria

Tolosako Udalak Txilekoen aterpeko egonaldia ordaindu du eta margo txuria hormak ezabatzeko ere bai. Beste guztia GKo galeriakoen kontura doa. «Dirua behar da hau aurrera eramateko. Hasiera batean Txiletik 5 lagun etorri behar ziren baina azkenean hiru etorri dira. Baina oso aberasgarria da».

Tolosan baimena dago hormetan margotzeko, Euskal Herrian leku gutxi daude margotzeko. «Gizarteak gero eta hobeto hartzen ditu lan hauek, ez dute artetzat hartzen, baina badoa. Baina oraindik Euskal Herrian lotsagabe batzuk gara askorentzat». Etiketa hori kentzeko lanean ari dira GKo galeriakoak beste gauza askoren artean. «Eboluzionatzen ari gara, batzuk jada erakusketak ere egiten dituzte, Txilera joango gara gonbidatu gisa... Horrek zerbait esan nahi du, baloratzen zaigula». Tolosan margotu ahal izatea zortea da.

Turismoa egiteko aukera

Txileko KiltrV artista taldea graffitiak egitera etortzeaz gain (ostegunean Plaza Zaharrean aritu ziren), bertako festak ezagutzeko aukera ere izan dute. Izan ere, Ibarrako Garagardo Azoka ere bisitatu zuten. Hala ere, graffiti dotoreak egiteko gaitasuna izan zuten, Berazubi kiroldegiko hormetan. Han izango dira pareta berriak, mundu honetan Euskal Herrian aitzindari izan den Tolosako Berazubin.


ENTREBISTA


«Graffitiak beti bandalismo kutsua izan behar du, bestela dekorazioa izango litzateke»

NEBS PEREIRA . Graffiti egilea

Kultura . 14 urte daramatza paretak margotzen, zerbait esan nahian beti, «beti



Nebs Pereira (Santiago Txile, 1979) Tolosara etorri den txiletarretako bat da. 1995. urtean hasi zen paretak margotzen. Bere graffitiek «beti mezu bat izan behar dute».

Txiletik beste noizbait atera izan zara margotzera?

Bai, beste bi aldiz. Esperientzia polita izaten ari da. Gaztelera hemen ere hitz egitearekin komunikatzeko erraz daukagu. Jendea ere nahiko irekia da hemen.

Graffiti batek beti zerbait adierazi behar du?

Ez du zertan. Niri gustatzen zait graffitiak zerbait esatea, mezu bat izatea, bestela dekoratzaile izateko ikasiko nuke. Baina ez, badira ezer adierazi edo esan nahi duten paretak ere.

Txilen margotzeko aukera asko dauzkazue?

Bai, hemen baino gehiago, errazago da. Hemen material asko dago, baina horma gutxiago, han alderantziz gertatzen da. Han askatasun gehiago daukagu ia-ia edozein lekutan margotzeko. Txilen margotzen duen jende asko dago, onak eta txarrak ere bai, eta ume-umetatik hasten direnak ere bai.

Graffitien aldetik aldeak ikusten dituzue hemengoen eta Txilekoen artean?

Zehazki nire lana indigena txiletar batzuekin lotzen dut beti. Kolonia alemaniar batek Txileko indigena batzuk desagertarazi zituen. Alemaniarrek Europan zehar eraman zituzten bi ume, erakusketa bateko parte bailiran. Ondorioz hil egin ziren. Nolabait nire lanetan beti hori gogoratzen dut, Europan nagoenean behintzat.

Graffitiak badu bandalismoarekin lotura bat?

Graffitiak beti bandalismo kutsua izan behar du, ez du hori galdu behar. Bestela, esentzia hori galtzen badu, dekorazioa izatera pasako litzateke. Gazteek gauzak adierazi, esan egin nahi dituzte.

Zerbait ikasi duzue hemen graffitiei dagokionez?

Materialaren aldetik ia dena sprayarekin egiten dute, oso marka onekoak, guk margo gehiago erabiltzen dugu. Txilen margoa merkeagoa da, sprayak ez. Hiru etorri gara honetara eta urrian euskaldunak bertara joango dira, erakusketa moduan jartzera, arte garaikide moduan.

Ez dizue pena ematen lanak ezabatzea?

Ez, kalea guztiona da, kalea horrela da. Pena emanez gero margolan bat egin edo argazkia atera.


E. Ezeiza - N. Urbizu. 2009-05-10 ( HITZA )

http://www.tolosaldekohitza.info

.