Artea guztion eskura




Tolosako Plaza Zaharra artea egiteko leku aproposa izan daitekeela ikusi ahal izan zen atzokoan. Izan ere, leku hori erabili zuen Txiletik etorritako KiltrV artista taldeak graffitiak egiteko.

GKo galeriako kideekin batera burutzen ari diren proiektuak ekarri ditu gurera, eta igandera arte hainbat ekimen burutuko dituzte. Atzokoan egun osoan zehar hainbat graffiti nola egiten zituzten ikusteko aukera izan zuen Plaza Zaharretik igaro zenak, eta emaitza etzira arte izango da ikusgai.

Bestalde, gaur erakusketa zabalduko dute GKo arte galerian (Kale Nagusia, 4), eta ondoren festa egingo dute, eta bihar, Berazubi estadioan egingo dute kaleko artea. Bertan, txiletarrek eta GKo-koek ezezik, arte mota hau egitea gustuko duen edonork har dezake parte, guztientzat zabaldu baitute ekimena.

GKo arte galeriakoak «oso gustura» daude txiletarren bisitarekin: «Maila handiko artistak dira, eta asko ari gara ikasten beraiengatik». Bestalde, horrelako ekimenen garrantzia azpimarratzen dute: «Artea herritar guztiei zabaldu nahi diegu, horregatik uste dugu beharrezkoa dela horrelakoak egitea».

Iñigo Terradillos. 2009-05-08 ( HITZA )

http://www.tolosaldekohitza.info

.