Txileko kaleko artistekin elkartrukea

Txileko artista talde batek maiatzean GKo Galleryan jarriko du erakusketa; kaleko artea ere jorratuko dute.




Proiektu berri batean bete-betean murgilduta dabiltza GKo Gallery-ko kideak. Kasu honetan, Txileko artista talde batekin elkartrukea burutuko dute. Hala, une honetan hainbat artista txiletar gurera etorri dira euren lana ezagutzera ematera, eta hilabete batzuren buruan hemengoak izango dira Txilera joango direnak.

Duela lau hilabete jarri ziren harremanetan Txileko KiltrV izeneko artista taldearekin. «Kaleko artea jorratzen dute hauek, eta beste lurraldeetan arte mota hau nola egiten den ezagutu nahi zuten, ideiak eta esperientziak trukatzeko asmoz. Honela sortu zuten Herriko Elkarrizketak Txile/Frantzia/Espainia (Dialogos Urbanos Chile/Francia/España) proiektua», azaltzen du Garikoitz Muruak Tolosako GKo Galleryko kideak.

Spacejunk izeneko Grenoble, Baiona eta Bourg-Sain-Maurice herrietako galeriekin eta Tolosako GKo Gallery-arekin adostu dute elkartrukea, eta ondorioz, galeria horietan Txileko artistek euren lanekin osaturiko erakusketak jarriko dituzte. Hori ekimen honen lehen zatia baino ez da izango, izan ere, bigarren zatian aipaturiko galeria horietako kideak izango dira Txilera joango direnak euren lanak bertan ezagutaraztera.

Esperientzia «aberasgarria»

Proiektua hasi zenetik buru-belarri ari dira lanean. «Guztia ondo zehaztu beharra dago; orain, esaterako, hemengo artistak Txilera joan ahal izateko finantziazioa ari gara lortzen», dio Muruak.

Maiatzaren 8an inauguratuko dute txiletarrek erakusketa Tolosako galerian, baina erakusketaz gain, ekintza gehiago ere egin nahi dituzte: «maiatzaren 6an herriko zati bat, Berazubiko futbol zelaiaren orma ziurrenik, pintatu nahiko genuke graffitiekin beraiek eta gu elkarrekin, eta maiatzaren 7an ere kaleko artea jorratu nahi dugu, eta Plaza Zaharrean egitea ari gara pentsatzen».

Erakusketa zabaltzeko bi aste geratzen diren arren, dagoeneko Euskal Herrian dira Txileko KiltrV artista taldeko kideak, bihar zabalduko baitute Baionako galerian erakusketa. Tolosarrek txiletarrak eta euren lana ezagutzeko aukera izan dute dagoeneko, eta «oso esperintzia aberasgarria» izaten ari dela diote. «Oso lan handia, garrantzitsua, ekarri dute. Trukaketa honekin bakoitzaren lan egiteko moduaz ikasi dezakegu; gu, esaterako, harrituta geratu gara gu baino baliabide gutxirekin zenbat egiteko gai diren, material asko erreziklatzen baitute».

Iñigo Terradillos. 2009-04-22 ( HITZA )

http://www.tolosaldekohitza.info

.